XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Jauregi hotzean Aldiro bezala papera purtzikatzen du eta su emaiten dio; ez tuk untsa oraino aditzen da.

Eta beste orri handi bat hartzen du metatik, lapitza zorrozten eta berritz lanera.

Plano bat egiten ari da aspalditik; etxeko planoa; bere mugak marrazkitzen ditu kolore ainitzetan, ezagutzen duen guziaren lerradura ixila geldi arazteko.

Lehenik logela; paretak zulo guziekin, laukia, kolore meheak, sapaiko argi zikoitza, lehio hertsia, kanpotik datorren airea, zola, ohe zaharra, zenbait arropa gainean, kadira xinple bat mahain baten aintzinean eta bera aulkian eserita logela dibujatzen ari ate zerratuaren parrean.

Arratsaldeko bostak, paseatzeko tenorea; egunero bostetan, euririk ez delarik, kanpora doa, borta aintzinean ibiltzera.

Pasiloetan pasatzerakoan, ezkinak, ate frango, lehioak ta gero kanpoan etxe aurreko zuhaitz eihartuak, zeru puzka bat, karrikarekin komunikatzen duen portal handia begietan itzatzen ditu metodikoki, ganberara itzuli eta paperean ezartzeko kolore anitzekin; plano orokor bat egiteko asmoan.

Zenbaitek, horrelako kasu batean, itsas hegian izaten diren postalezko eguzki sartze horietarik bat edo emazte mitiko baten gorputz desiragarria margo lezake, bainan harek etxeko planoa (egin ahala zuzena) baizik ez du nahi eta mila alditan hasitako, purtzikatutako, arretako plano hori eramaiten du aurrera; kasko tzarra! Hutsaren sensazio hotzari erantzuteko bere lanean ez die orroitzapenei biderik uzten.

Aldi bat eta sekulako atea hertsi die, dagoena edo begi aintzinean daukana margoan gatibu ezartzeko.

Arratseko zortziak; afaria; logelan sartzen den gizonak hitz pobre batzuk botatzen platerak mahain gainean pausatzerakoan; presoaren marrazkiari begi ukaldi bat ematen dio zaintzaileak, konprenitu gabe; berak ez du sekulan ezer margotu, ez daki, inoiz ez ikasi; gauero bezala, jan aintzin, egiten ari den planoa erretzen presonerak, hautsontzia eta papelera begiraleari hutzi aurretik; bihar beste bat hasiko; irri hits bat dauka ezpainetan zaintzaileak; ez du ulertzen zergatik marrazkiak erretzen diren, botatzen dituen horrek arrats guziz.

Mahain aintzinean dagoen aulkian jartzen da begiralea; paper bat metatik hartzen eta plano (mila alditan bezala, lehentxago erretako kuadro hori) osogunearen orroitmenera joanik, marrazkitzen hasten da kakolatasun herabe batekin.

Atea hesterakoan aditzen den hots mekanikoa; errauts bolada bat airatzen emeki; margo perfektoaren logelan dago zaintzailea, dibujatzen ikasten ari, bizitasun tragiko baten barnean kokatua; emazte aurpegi bat heldu zaio lehenik kolore ainitzetan; bigarren orria metatik hartzen, lapitza zorrozten, hauts metanioari begiratzen momento bat eta berritz lanera; gaueko mitxeleta bat lehiotik hegaldatzen, ilargia barneratzen.

Goizaldera, ate hertsia, parrean dagoen mahaian eta aurrean begiralea aulkian eserita marrazkitzen ari, kadira xinple bat jarlekutzat, zenbait arropa ohe zaharraren gainean, kanpotik datorren ihintz freskoa, tanta umiak, lehioa burdin behatzekin, gaineko argi zikoitza, kolore meheak, laukia, paretak zulo guziekin kolore ainitzetan.

Soinu bakarra: zaintzaileak arnasa kanporatzen eta bereganatzen.

Eguzkia altxatzen ari lehioan; itzalak, abokadua, apaiza, soldadoak kartzelan bortizki agertzen zaizkio; kanpoan, sei harma tiroen oihartzunek gorputz bat eskatzen, bilatzen prestuki bilakatzeko edo pareta batean punpatzeko.

Itzalak, marrazkian lotuak, koloretan irentsiak; inor ezta salbatuko; eguerdirako, harmak umezurtz geldituko.

bikote zaharra Ametsean galdua doa Anarengana; amets hori burutik ezin ken; itsas ondoko hiri baten parte zaharrean, kale txikien borobil makurtuan zabalduz doan ibiltze horrek Anaraino eramaten aldi oroz.

Ana eta Joseba, biak gazteak, libre oraino, bainan bikote zahar bat iadanik; xumekerietan hartua, itxuretan itzatua; biek hondartzan asperturik uhaina itxoiten besteari aipatu gabean.

Anak, bizkar hori, ixterrak, sobera kurritutakoak, gehiegi ezagutzen; Joseba Anaren ile luze beltxetan nekez lokartzen.

Ametsaren eta errealitatearen artean ez du gehiago diferentzia handirik egiten mutikoak; egunaz segitutako karrika hertsi eta jendetsu ber berak juntatzen ditu gaueko dibagazio pausagarrietan; Anaren etxe hotzean lokartzen delarik ere, horietan dabila.

Eta bart arratsean, Anarekin despeditu eta ohizko hamaiketan betiko tabernan esanez gero, bere pisora abiatu delarik, luzaz egona da ibilka, alkolaren sarean ahantzia, kalez kale.

Bart, ametsetan itzal feminino bati eratxikia izana da; enamoratua; bizkar, zango horietan giltzaperatua.

Ileak, motzak zituen emazteak, herri horretan gehienetan bezala.

Eta sorbalda horik, ile labur horik maitatu ditu Josebak, debaldetan, atzetik, hurbildu gabe; luzaz segitu du aurpegiaren deskubritzeko, bainan egiazko maite aldietan bezala ez du ikusi; beti zerbait tresbeskan; itzalak aurpegia begiei kentzen edo ezkina batek ebasten.

Gezurrezko andere hori bilatzen ari da orain karrikako begitarteetan; hainbeste ile labur, beltxak gehienak; sekulan behar den hura.

Logale da Joseba eta berehala ohartuko duk berandu oheratu naizela pentsatzen ari da, betiko tabernan sartzen delarik; jendeen artean Ana bilatzen; hor dago eserita, irri krudel bat, irri hiltzaile bat ezpainetan.

- Joseba! Zelan nire ile motzak?. JON CASENAVE.